Errozabalgo / Orreagako bataila (1.237. URTEMUGA). 2015-08-15, 13:00etan, IBAÑETAn

“Lurralde honetan, hau da, Garaziko mendatearen inguruetan, Izura, Donibane Garazi eta Eiheralarre herrietan, bidesari zergariak hain dira maltzurrak ezen gaitzespenik erabatekoena merezi duten. Bi edo hiru lantzaz erromesen bidera irteten dira eta bortxakeriaz zerga bidegabeak kentzen dizkiete. Eta ibiltariren batek eskatzen dioten dirua ordaintzeari uko egiten badio, astamakilez kolpatzen dute eta mehatxuen artean barruko galtzak ere arakatzen dizkiote bidesaria kenduz. Lur honetako jendeak basatiak dira, bizi diren bazter berak basatiak, mendirakoiak eta barbaroak diren bezala. Basatiak dira haien bisaiak, haien hizkuntza barbaroaren berezko basatasunaren antzera, ikaratu egiten dituzte so egiten dituztenen bihotzak”.

Aymeric Picaud, XII. Mendean.

Horrela ikusten zuen franko batek euskal herri kontinentaleko lurretan bizi ziren euskaldunak. Ez da harritzekoa. Frankoentzat, frantsesentzat, arerio lurraldea izan zen mendetan zehar Baskonia. Pirinioz ipar-ekialdera dagoen Baskonia, baina baita Baskonia penintsularra ere.

Duela 1.237 urte Karlos edo Karolo errege frankoak Iruñea erretzeko agindua eman zuen. Erabaki hori, xede politiko eta militar handiago baten bidean hartu zuen: bere “marca hispanica” delakoa osatu nahi zuen 778. urtean eta Baskonia osoa bere meneko izatea beharrezkoa zuen. Zaragoza ez zuen eskuratu eta Zaragoza gabe Iruñea kontrolpean edukitzea oso zaila egiten zitzaion. Hortaz, Iruñea erre zuen. Frankoen kronistek diotenez “bere arerioek, baskoiek alegia, Iruñeko gotorlekua erabil ez zezaten”.

Xabier Irujo, Renoko Unibertsitateko irakasle, ikerlari eta historialariak jatorrizko iturrietara jo du azken urteotan Errozabalgo, Orreagako batailaren informazio garbienaren bila. Latineko testuetatik edanez atera dituen ondorioak eta Txoperenarekin orduko bideetatik egin dituen ibilbideei esker orain arte ezagutzen genituen datuak kolokan jarri ditu.

Ez da egia baskoiek Karlosen atzeguardia bakarrik eraso zutenik. Armada osoari egin zioten eraso. Errege frankoak ziztu bizian alde egin behar izan zuen inguru hauetatik, oso laguntzaile gutxirekin: “Totum exercitum magno tumulto perturbant”.

Menperatu gintuztenen historiografia ofizialek diote garai haiek urte ilunak direla. Eta horrela diote ez zutelako herri honen gaineko kontrolik. Zoritxarrez, gure arbaso haiek ez zuten bere egunerokotasuna idatziz jasotzeko ohiturarik. Baina hemen gertatu zenak argi adierazten du herri hau antolatuta zegoela. Antolaketa politikoa bazegoen, hura gabe ezinezkoa baitzen mundu ezaguneko armada handienari eraso egitea.

Roncevaux, Roncesvalles, Roncesvalis, Ronzaval, Errozabal.

Bai, Iruñeko Erresuma izan zen Errozabalgo hiru batailen emaitza, baina Iruñeko Erresuma, jadanik, gure herriaren zatiketaren ondorio izan zen. Pirinioz ipar-ekialdekoak batetik eta hego-mendebaldekoak bertzetik. Lehenago, Baskonia guztia baskoien esku baitzegoen.

Baskonia, Iruñea, Nafarroa, Euskal Herria… Baskoiak, baskoak, euskaldunak, nafarrak. Deiturak aunitz izan dira, baina xedea beti berdina: bizirik irautea. Munduari gure ekarpena egitea.

1.237 urte pasa dira eta berriro hemen gaude gauza berbera aldarrikatzeko. Amaren sua babesteko aitaren etxea berreraikitzen ari garela.

Orduan eta orain: Baskonia, Iruñea, Euskal Herria, Nafarroa. Gora euskaldunon herria!

Gaizka Aranguren

Advertisements