778. urtea gogoratu dute ehunka lagunek Iruñeko Redingo Bastioian. Historiarekin zuten hitzordua; izan ere, 778. urtean Karlomagnok Iruñea suntsitu zuen eta Orreagako bataila gertatu zen. Ekitaldian, suntsiketan hildako pertsonen oroimenez lore sorta eskaini eta aurreskua dantzatu dute.

Orreaga Fundazioak, Etxabarrengoa Kultur Elkarteak eta Ibañeta 778 lantaldeak bigarren aldiz antolatu dute ekitaldia Iruñean. Goizeko 13:00etan elkartu dira, eta danzariek eta kantariek girotu dute ekitaldia. Hitzordua otamenarekin eta kantuekin amaitu da. Iruñeko Udalak bat egin du hitzorduarekin. Tokiko Gobernu Batzarreko zinegotzi-idazkari Joxe Abaurrea izan da ordezkari gisa. Gaizka Aranguren ere izan da ekitaldian, eta Iruñean izandako sutea ekarri du gogora.

Historia ezagutuz

778an, Orreagako gudua izan zen. Karlomagnoren gizonek, Zaragozatik bueltan, Iruñea erre zuten, eta Frantziarako bidean, Nafarroako Pirinioak zeharkatzen ari zirenean, herritarrek eraso egin zioten; garai hartan Europako armadarik garrantzitsuenari planto egin zioten. Gertakari horietan Errolan hil zen, Karlhandiren iloba. 812an, Karlhanandiren semea euskal lurretan zen, eta Frantziarako bidean Ibañeta zeharkatu behar zuenez, zonaldeko emakumeak eta haurrak bahitu zituen erasorik ez izateko; hau da, aitari gertatu zitzaiona saihesteko. 824an, hainbat gertakariren ostean, Eneko Aritza izendatu zuen baskoien errege, eta Iruñeko Erresuma sortu zuen, gerora Nafarroako Estatua izan zena. Abuztuaren 14an hiru data horiek ekarriko dira gogora Orreagan eta Ibañetan egingo diren ekitaldietan, goizeko 12:00etatik aurrera.

Ekitaldia Orreaga Fundazioak eta Etxabarrengoa Kultur Elkarteak antolatu dute, Ibañeta 778 lantaldearekin batera.

Advertisements