Hemen hasi zen guztia

Hemen hasi zen guztia. Hemen sortu ziren euskaldunak. Gero, erromatarrak pasa ziren, pasa ziren godoak, frankoak, arabiarrak, gaztelarrak… Hemen sortu ginen euskaldunok eta oraindik ere, hemen bizi gara.

Pirinioetako mendiak dira gure bizkarrezurra, eta Auñamendi batasun lekua. Herri honek inoiz izan duen batasun politiko gorenaren sorlekua. Nork esan zuen euskaldunok separatistak ginela?

Mendien alde bietako Erroibar, Aezkoak, Baztan eta Garazi herri euskaldunak dira. Aldude, Amikuze, Iruñea, Maule, Garazi, Baiona, Donostia, Bilbo, Gasteiz herri bat eta bakarra osatzen dugu. Nork esaten du euskaldunok garela separatistak?

Ibañetak bi aldetara isurtzen ditu urak. Errobik Atlantikora eramaten ditu eta Errok eta Urrobik Mediterraneora. Ozeanoa eta itsasoa lotzen zituen Oiasso-Tarraco bide erromatarra batetik eta bestetik, hemendik igarotzen den Burdingalam-Asturica galtzada, Iruñean gurutzatzen dira. Iruñea, baskoien hiriburuzagitza, Karlomagno handiputzak su eman eta suntsitzea agindu zuena. Orriako mendi-haranetara iristean baskoien, ez mendekua, baizik eta ordaina jaso zuena.

Gero, bere biloba Pepin I. etorri zen egitasmo berberarekin, 824an, eta ordaineko bera hartu zuen. Orduan erabaki genuen euskaldunok estatu propio eta subiranoa sortzea, inori baimena eskatu behar izan gabe. Harez geroztik, Auñamendiren bi hegaletako herriak libre izan ziren Iruñeko edo Nafarroako erresumaren babesean; gaztelarrek 1512an, inbasioz konkistatu zuten arte.

Konkistaren ondoren etorri ziren arpilatzeak, gazteluen suntsiketak, Garaziko erreketa, sorginen ehiza. Maria Garraldakoak eta Mikela del Burgok bezalako ehunka emakumeek jasan zuten inkisizioa. Licenciado Balanza zelako baten mendekuz bidali zituzten sutara. Bitxia ere bada abizena, justizia agindu behar duen gizon batentzat.

Hala eta guztiz ere, Orreagan gure Estatua sortzea determinatu zuten haien ondorengoek ez dute inoiz berriz ere independentzia erdiesteko esperantza galdu. Aurten, bereziki, Nafarroako Piarres mariskala ekarri nahi dut gogora. Orain 500 urte eman baizen bere eskutik Estatu subiranoa berreskuratzeko ahalegin handi bat. Saiakerak, ordea, ez zuen eman haiek espero zuten fruitua. Horren lekuko ere bada, gaur, Auñamendi maitagarri hau erdibiturik dutela Frantziak eta Espainiak.

1659an erabaki omen zuten bi estatuen ordezkariek euskaldunon lurraldea bereziko zuen banalerroa. “Bakearen Ituna” deitu zioten. Bitxia ere bada izena, Nafarroaren kontra egindako gerren ondorioz euskaldunok bitan banatzeko egin baitzen: Esterenzubi Frantziarentzat eta Orbaizeta Espainiarentzat izango zirela erabaki baitzuen. Zein bakearen izenean, eta batez ere, nortzuk dira hemen separatistak?

Hemen hasi zen guztia. Auñamendiren bi aldetara herri bat eta bakarra dago. Jendez, pentsamenduz eta kolorez anitza, baina herri bat eta bakarra dena. Berandu baino lehen Estatu propio eta subiranoa berriro erdiestearekin amets egiten duena, eta poetak zioen bezala, amets egiteko gai den herria, ez da inoiz oinperatua izango.

Beñi Agirre

Orreaga, 2016ko abuztuaren 14an

Advertisements