Ekitaldian 778, 812 eta 824ko gertakariak antzeztu dira, lehen aldiz Orreagan

Urtero legez, Nafarroa eta Euskal Herri osotik heldutako herritarrak elkartu dira Orreagan, gure historiarekin zuten hitzorduan. Goizaren lehen zatian, omenaldia egin diete garai hartako baskoiei, Orreagako oroitarrian, eta bigarrenean, berriz, ekitaldi nagusia egin dute Ibañetako lepoan. Beñi Agirrek irakurri du aurtengo pregoia.

Aurizberriko plazan hasi dira Orreaga Fundazioak, Etxabarrengoa Kultur Elkarteak eta Ibañeta 778 lantaldeak antolatu dituzten ekitaldiak. Goizeko 10:00etan elkartu, eta Orreagara egin dute ibilaldia. Ondoren, oroitarrian egin dute eguneko lehen ekitaldia: txalapartaz, bertsoez, aurreskuez eta irrintziek giroturik, lore eskaintza egin diete atzoko baskoiei.

Eguerdian ekitaldi nagusienetako bat izan da, Ibañetako lepoan. Historia berridazteko plaka bat ezarri zuten antolatzaileek, lur horietan zer gertatu zen agerian utziz. Beñi Agirrek irakurri du pregoia, gertakari horiek gaurkotasun politikoan kokatuz. Eguerdian, herri bazkaria izan dute Garraldan.

Berrikuntzarik handiena, aurten, antzezlanak izan du. Gauean antzeztu dute, Orreagako herrian. 778, 812 eta 824ko gertakariak antzeztu dituzte zonaldeko gazteek, ikus-entzunezko baliabideak erabilita. 824an, hainbat gertakariren ostean, Eneko Aritza izendatu zuten baskoien errege. Hori izan da unerik politenetako bat. Eguna Benito Lertxundiren Orreaga abestia kantatuz amaitu dute.

 

Advertisements